sábado, 24 de diciembre de 2011

Futbola belozidadea da

Gaur egungo futbolean jai daukate talde motelek. "Gazteen" taldeak (hitz egiteko modu bat da), hortaz, nekez egingo du ezer handirik. Aldapa behera jokatzen du beti. Jokalariek erraz egiten dute aurrera. Aise iritsi area ingurura, baina atzerako bidea hartu behar dutenean... Atzeraka korrika egin behar denean ezin aldapa gora behera bezain bizi joan. Beharbada, horietako asko beterano samarrak direlako. Agian, ez direlako Ramonita Memoriala jokatzeko behar beste motibatu. Akaso, Tabakoaren zorioneko legea gora-behera, gehiegi erretzen dutelako. Akaso, hori delako beraien jokatzeko modua. Zaharrunoak, berriz, gose dira. Ez dute nekea nabaritzen, eta gora eta behera, ezker-eskuin ibiltzeko gauza dira partidak irauten dituen 95 minutuetan. Futbola abiadura dela konprenitu du Iñaki Villar hautatzaileak, eta abiadura bizian jokatzeko diseinatu du taldea.

Zaharrunoen taldea, beharbada, ez da hain sendoa, baina erresistentzia sekulakoa daukate bere jokalariek. "Gazteak" askoz ere teknikoagoak dira, abilagoak, baina ito egiten dira aise. Lehen minutuetan ondo mugitzen dute baloia, gustatzen zaien bezala, eta iristen dira areara. Zaharrunoak, ordea, atzean itxaroten dute. Presioan lehen ahaleginean baloia lapurtzen ez badute, zelai erditik atzera denak, Zaldua artista ezik.

Baina lapurtzen dutenean ez dute bitan pentsatzen. Azkar pentsatu, azkar jokatu. Lehia egongo da, baina argi dago zeintzuk diren, korrespontsal honentzako, faboritoak biharko norgehiagokan.

(Igor Susaeta Berriako kirol-kazetariak biharko Ramonita Memorialaren inguruan idatzitako lerroak)

No hay comentarios:

Publicar un comentario