Eskerrak Iñakik maila intelektual pixka bat eman dion blog honi. Ekarpen gisa, eta Ramonita Memorial ohoretsuarekin zer ikusi zuzenik ez duen arren, duela urte batzuk argitaratu nuen ipuin labur batekin natorkizue. Ondo ibili Gabon gauean, eta igandera arte!
Itsaskirriak
–Hektorrek deitu dit. Ea aurten afarira etorriko zaren.
–Afarira? Zein afaritara?
–Ez ezazu ezjakinarena egin. Itsaskirrienera: zein izango da bestela? Urteurren afarira…
–Urtebete pasatu da jada? Gezurra dirudi…
–Ez adarrik jo. Tira, etorriko zara, bai ala ez?
–Ba ez daukat gogo berezirik, Eneko. Zer nahi duzu esatea.
Ez neukan gogo berezirik, ez. Eta, egia osoa aitortzeko, ez nuen ulertzen nolatan joan zitekeen Eneko, egin ziguten guztiaren ondoren. Baina Eneko horrelakoa da: adeitsua, eskuzabala, beti prest ingurukoak ondo sentiarazteko. Pertsona ona, funtsean. Ni ez.
–Ba besteei ilusioa egingo lieke, benetan. Beti galdetzen didate zutaz. Ez dakit zer aitzakia emango diedan aurtengoan.
–Ez eman aitzakiarik orduan. Esaiezu egia eta kito. Ez zaidala potroetatik irteten. Putakume batzuk iruditu zaizkidala beti.
–Nola esango diet hori, gizona! Ez diet afaria hondatu nahi. Gainera, jakin ezazu oso kontzeptu ona dutela zutaz.
–Berandu samar, ez duzu uste? Gainera, bost axola niri.
Baina ez zitzaidan berdin, zer esanik ez. Itsaskirriak ikastolako ikasle batzuek sortutako hondartza-futboleko taldearen izena zen. Ikastolako talde “alternatiboarena”, nolabait esateko: talde “ofiziala”, ikastolaren izena zeramana, gurasoen eta ikasleen mafiatxo baten esku zegoen, ohi bezala, eta playeroen ligan aritu nahi zuen jokalari on askok ez zuten lekurik bertan. Ez dakit nori bururatu zitzaion ideia, baina guztia oso bizkor gauzatu zenaren irudipena daukat, eta apenas izan genuela gurasoen laguntzarik, harrigarria iruditzen zaidana, OHOko seigarren edo zazpigarren kurtsoan baikeunden: hondartzako ligan izena ematea, uniformea aukeratzea, babeslea bilatzea… Zenbait enpresatara jo ondoren, azkenean Herri Irratiak ordaindu zigun ekipoa: elastiko urdin argia, galtza motz beltzak, galtzerdi urdinak… Botak norberaren kontu. Elastikoek Itsaskirriak lema zeramaten serigrafiatuta, bular aldean, ortzadar bat edo zubi erromaniko bat balitz bezala. Ez nuen sekula elastiko hori jantzi.
–Benetan, ez dut ulertzen. Pasatu diren urte guztiekin, oraindik ez zara kapaz izan barkatzeko… Nik bezala egin beharko zenuke. Nik barkatu diet.
–Ez esan ergelkeriarik, Eneko. Zuk ez diezu sekula barkatu, sekula ez zarelako irainduta sentitu. Gainera, zu entrenatzailea zinen, behintzat.
–Aizu: ez gara horrekin hasiko berriro ere, ezta?
Eneko eta biok ez ginen futbol jokalari onak; egia esan, ez ginen onak kirol batean ere: horrenbeste bagenekien. Baina Itsaskirriaken jolastu nahi genuen, ordezko moduan sikiera. Ezinezkoa izan zen ordea: ez genuen “azterketa” gainditu. Taldea osatu zuten besteek (Hektorrek, Julenek, Jeromok, Juan Luisek…), jakina, ez zuten inolako azterketarik pasatu. Baina gu bioi froga batzuk egin behar zizkigutela erabaki zuten. Eta larunbat goiz batean La Salle eskolako patiora konbokatu gintuzten: aterako jaurtiketak, izkinak, penaltiak… Harmailen ondoan bildu ziren minutu pare batez, gu zelaiaren erdian arnasestuka itxaroten genuen bitartean. Epaia argia izan zen: taldekoak ginen, ados, baina Eneko entrenatzaile izango zen, eta ni masajista.
–Ondo dakizu entrenatzailearena erabat dekoratiboa izan zela, ez zidatela kasu zipitzik egiten, ezta aldaketak agintzean ere. Eta zu ondo kontentu zeundela zure masajista-postuarekin. Igande goizero han zinen behintzat, aurrenekoa, zure txandalarekin eta zure amak prestatzen zizun poltsarekin…
–Bai, eta zer! Gero konturatu nintzen! Helduaroan! Umiliagarria izan zen…
–Heldu, zu? Noiz heldu zara ba? Ume baten moduan portatzen jarraitzen duzu eta! Herra hori guztia ahaztu beharko zenuke, motel. Hogeita hamar urte pasatu dira ia…
Beste taldeetakoek, jakina, barre egiten ziguten: masajista zeukan hondartzako talde bakarra ginen. Amak sartzen zizkidan gauza guztiak nire Montreal’76ko kirol-poltsa txikian: linimentua, alkohola, ur oxigenatua, gazak… Erizaina nuen ama.
Umiliagarria izan zen. Eta umiliazioak ikasturte oso batek iraun zuen.
Baina Enekok arrazoia zuen, apika.
–Tira, etorriko zara, ezta?
–Ez dakit, Eneko. Agian joango naiz, oraingoan. Zergatik ez.
–Ba Hektorrek esan dit, etortzekotan, poltsa ekartzeko, oraindik hortik gordeta badaukazu. Linimentua eta hori guztia eramateko erabiltzen zenuena, Montreal’76koa. Oroitzapen moduan, badakizu...